Erabilera eta kudeaketa plan erantzailea Inprimatu
68/2008 FORU DEKRETUA, ekainaren 17koa, Bertizko Jaurerria Zainketa Bereziko Eremu deklaratu eta hura Erabili eta Kudeatzeko III. Plan Zuzentzailea onesten duena.

Bertizko Jaurerria Bertizaranako udal mugapean dago, Nafarroako iparraldean, eskualde biogeografiko atlantikoaren barnean. Iparraldean Etxalarko udalerria du mugakide, ekialdean Baztan, mendebaldean Bidasoa-Berroarango Administrazio Batzarrearen lurrak eta Oieregiko eta Narbarteko kontzejuak, eta hegoaldean Bidasoa ibaia. 2.052 hektareako azalera du.

Gune honek Nafarroako dibertsitate biologikoaren erakusgarri diren habitat naturalak eta basa flora eta faunako espezieak biltzen ditu. Zenbait kasutan beren banaketa eremu naturalean galtzeko zorian dauden espezieak dira; beste espezie batzuen banaketa eremua murrizturik dago, edo berez txikia da. Horregatik, eremu batzuk hautatu behar dira, habitat natural eta basa espezie horiek luze iraun dezaten, aktiboa eta prebentziozkoa izanen den kudeaketarako sistema eraginkorrak erabiliz horretarako.

Habitat natural edo espezie horietako batzuk ageri dira Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauan (habitat naturalak eta basa fauna eta flora kontserbatzeari buruzkoan), edo 79/409/EEE Zuzentarauan (basa hegaztiak kontserbatzeari buruzkoan). Horrek balio handia ematen du, Foru Komunitatearen esparruan ez ezik, Europar Batasunarenean. Zuzentarau horiek Europar Batasunak naturaren kontserbazioaren arloan dituen tresna nagusiak dira eta, horri begira, lekuen sare ekologikoa sortu da, Natura 2000 Sarea, Batasunaren intereseko deklaratzen diren era guztietako habitat naturalak eta flora eta faunako espezieak lehengoratu edo kontserbazio egoera egokian mantentzeko.

92/43/EEE Zuzentaraua abenduaren 7ko 1997/1995 Errege Dekretuaren bidez sartu zen Espainiako ordenamendu juridikoan.

Gero, Nafarroako Gobernuak, 2000ko maiatzaren 15ean hartutako Erabakiaren bidez, Zainketa Bereziko Eremu deklaratzen ahal ziren lekuen zerrenda onetsi zuen behin-behinekoz, Europako Natura 2000 sare ekologikoan sartzeko. Horien artean dago ES2200017 eremua, "Bertizko Jaurerria" izenekoa. Europako Erkidegoen Batzordeak behin-behineko zerrenda hori onetsi zuen 2004ko abenduaren 7ko 2004/813/EE Erabakian, horren bidez eskualde biogeografiko atlantikoko Batasunaren intereseko lekuen zerrenda onetsi baitzen, Kontseiluaren 92/43/EEE Zuzentarauari jarraituz.

Batasunaren intereseko leku bat onetsi eta gero, estatu kideak Zainketa Bereziko Eremu deklaratu behar du, eta neurriak ezarri behar ditu, Batasunaren intereseko leku izendatzeko kontuan hartu diren espezieen populazioak eta habitat naturalak kontserbazio egoera egokian mantendu edo lehengoratu ahal izateko. Izendapen hori ahalik eta lasterren egin behar da, eta betiere sei urteko epea igaro baino lehen.

Bestalde, Foru Diputazioak Bertizko Jaurerria Natur Parke deklaratu zuen 1984ko martxoaren 25eko Erabakiaren bidez. Geroago, 67/1991, 140/1991, 494/1995 eta 562/1995 foru dekretuek administrazioa eta kudeaketa arautu zituzten, parkea erabili eta kudeatzeko lehenbiziko bi plan zuzentzaileak onetsiz. Plan zuzentzailea parke naturalak kudeatzeko tresna bat da, Basa Flora eta Fauna Zaintzeari buruzko martxoaren 27ko 4/1989 Legean jasoa.

92/43/EEE Zuzentarauak ekarri dituen betebeharren ondorioz, eta Bertizko Jaurerriko Natur Parkea Erabili eta Kudeatzeko Bigarren Plan Zuzentzailea osorik berrikusteko epearen amaiera dela-eta, leku hori Zainketa Bereziko Eremu izendatu behar da eta Bertizko Jaurerriko Natur Parkea Erabili eta Kudeatzeko III. Plan Zuzentzailea onetsi. Plan horretako ekintzak, neurriak eta jarraibideak egokiak dira aipatu zuzentarauan jasorik dauden habitat eta taxonen eskakizun ekologikoei erantzuteko Bertizko Jaurerrian.

Hori horrela, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta zortziko ekainaren hamazazpian egin bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Zainketa Bereziko Eremuaren deklarazioa.

Europar Batasunaren intereseko ES2200017 lekua, "Bertizko Jaurerria" izenekoa, Zainketa Bereziko Eremu deklaratzen da.

2. artikulua. Parkea Erabili eta Kudeatzeko Plan Zuzentzailea.

1. Onesten da Bertizko Jaurerriko Natur Parkea Erabili eta Kudeatzeko III. Plan Zuzentzailea, foru dekretu honen eranskinean dagoena.

2. Parkea Erabili eta Kudeatzeko Plan Zuzentzaile hori kudeaketa plana izanen da, Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauak, habitat naturalak eta basa fauna eta flora kontserbatzeari buruzkoak, 6.1 artikuluan dioenari dagokionez.

Xedapen gehigarri bakarra.-Europako Batzordeari igortzea.

Esku ematen zaio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari foru dekretu hau eta, hala denean, plana aplikatzeko gutxi gorabehera beharrezkoa izanen den kostu ekonomikoa Europako Batzordeari igortzeko behar diren tramiteak egin ditzan, 92/43/EEE Zuzentarauaren 8. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Xedapen indargabetzaile bakarra.-Xedapen indargabetuak.

1. Indarrik gabe gelditu da azaroaren 27ko 562/1995 Foru Dekretua, Bertizko Jaurerriko Natur Parkea Erabili eta Kudeatzeko II. Plan Zuzentzailea onesten duena.

2. Indarrik gabe gelditu da otsailaren 21eko 67/1991 Foru Dekretua, Bertizko Jaurerriko Natur Parkearen administrazioa eta kudeaketa arautu eta Zuzendaritza Batzordearen osaera eta funtzionamendua aldatzen dituena.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ahalmena ematea.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari ahalmena ematen zaio foru dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Bigarrena.-Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2008ko ekainaren 17an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

ERANSKINA

BERTIZKO JAURERRIKO NATUR PARKEA ERABILI ETA KUDEATZEKO HIRUGARREN PLAN ZUZENTZAILEA

Aurkibidea

1.-Sarrera.

2.-Helburuak.

3.-Aplikazio eremua eta indarraldia.

4.-Kudeaketa organoak.

5.-Parte hartzeko organoak.

6.-Kudeatzeko irizpideak.

6.1. Kontserbaziorako.

6.2. Erabilera publikorako.

7.-Eremukako banaketa.

8.-Araudia.

9.-Jarduketa plana.

9.1. Kontserbaziorako.

9.2. Erabilera publikorako.

9.3. Ikerketarako.

9.4. Informaziorako.

9.5. Jarraipenerako.

10.-Aurrekontua.

1.-SARRERA

Bertizko Jaurerria Natur Parke deklaratu zuten 1984an eta geroztik hura erabili eta kudeatzeko bi plan zuzentzaile, EKPZ, onetsi dira (apirilaren 11ko 140/1991 Foru Dekretua eta azaroaren 27ko 562/1995 Foru Dekretua).

Nafarroako Gobernuak, 2000ko maiatzaren 15ean hartutako Erabakiaren bidez, Batasunaren intereseko lekuen (BIL) zerrenda onetsi zuen behin-behinekoz. Horien artean dago Bertizko Jaurerria (ES2200017 BILa, "Bertizko Jaurerria"). Europako Erkidegoen Batzordeak behin-behineko zerrenda hori onetsi zuen 2004ko abenduaren 7ko Erabakian, horren bidez eskualde biogeografiko atlantikoko Batasunaren intereseko lekuen zerrenda onetsi baitzen, Kontseiluaren 92/43/EEE Zuzentarauari jarraituz. Behin lekua onetsirik, Nafarroako Foru Komunitateak Zainketa Bereziko Eremu izendatu behar du, eta Batasunaren intereseko leku izendatzeko kontuan hartu diren espezieen populazioak eta habitatak kontserbazio egoera egokian mantendu ahal izateko neurriak ezarri behar ditu. Neurri horiek honako Plan honetan bildu dira.

2005ean, Espainiako Kalitate Turistikoaren Institutuak kalitatearen "Q" ziurtagiria eman zion Natur Parkeari, naturgune babestuen arloan. Ziurtagiri horri eusteko, erabilera publikoaren kudeaketa egokia aplikatu behar da, bisitariei eskaintzen zaizkien zerbitzuen kalitatea bermatu eta naturguneen kontserbazioaren arloko helburuekin bateragarri eginen duena.

Aurreko guztia kontuan harturik, Bertizko Jaurerriko Natur Parkearen kudeaketan, batetik natur parke horretan dauden Batasunaren intereseko habitat eta espezieen kontserbazioari eta hobekuntzari erreparatu behar zaie, eta bestetik parkearen erabilera publikoari.

Parkearen kudeaketa egokia eta faktore horien bateragarritasuna lortzeko araudi berri baten beharra dago eta horixe ematen da Parkea Erabili eta Kudeatzeko Hirugarren Plan Zuzentzaile honetan.

Bertizko Jaurerriko Natur Parkea Erabili eta Kudeatzeko III. Plan Zuzentzaile hau egitean kontuan hartu dira aurreko Planaren indarraldian bildutako esperientzia, Europan biodibertsitatea zaintzeko sortu den arau esparru berria eta naturgune babestuen kalitate turistikoari buruz eman diren jarraibideak eta arauak.

2.-HELBURUAK

Hauek dira Parkea Erabili eta Kudeatzeko Plan Zuzentzaile honen helburuak:

2.1. Helburu orokorrak.

1. Natur Parkeko paisaia naturalaren, ingurune fisikoaren, faunaren, floraren eta ekosistema guztien osotasuna babestea, eta, behar denean, lehengoratzea.

2. Ekosistemak naturan murgildurik interpretatzeko hezkuntza jarduerak sustatzea.

3. Bisitariek Parkeko eta inguruetako natur eta kultur balioak ezagutu eta ulertu ditzaten sustatzea.

4. Esparru berean kultur, josteta eta turismo jarduerak sustatzea.

5. Parkearen funtzionamendua Kantauriko Ibarretako gizartean, kulturan eta ekonomian integratzea.

6. Gune horren erabilera antolatua sustatzea helburu zientifikoetarako eta batez ere bertako natur sistemen bilakaera ikertzeko.

7. Parkean ikerketa, hezkuntza, interpretazio, josteta eta turismo jarduerak arautzea.

8. Erabilera publikoa planifikatzea, Parkearen araudia eta eremukako banaketa kontuan harturik eta haren natur balioak zaindu eta babeste aldera.

2.2. Kontserbazio helburu berariazkoak.

Aipatutako helburu nagusietako lehenengoaren arabera, Plan honetan ezarritako neurrien azken helburua ondokoa da: gunearen osotasun ekologikoa eta horrek Nafarroako Natura 2000 sarearen barne batasunari egiten dion ekarpena babestea. Bereziki, gako elementu hauen kontserbazioa lortu behar da:.

Gako elementua: baso hostoerorkorrak: pagadi azidofiloak, harizti autoktonoak (haritz kanduduna, ametza eta haritz kandugabea) eta haltzadi eta erreka ertz atlantikoak.

-Amaierako 1. helburua.

Ongi kontserbaturiko baso helduak berezkoa duen espezie- eta egitura-aniztasuna lortu eta mantentzea, bai eta basoari lotutako kultur elementuak ere.

Gako elementua: larreak, sastrakadiak eta belardiak.

-Amaierako 2. helburua.Txilardiak, larreak eta belardiak kontserbazio egoera onean edukitzea eta larre-sastraken mosaikoz jantzitako alde irekiak lehengoratzea Bertizko Jaurerrian..

Gako elementua: Landare espezie babestuak: Soldanella villosa, Vandenboschia speciosa eta Hymenophyllum tunbrigense.

-Amaierako 3. helburua.Landare baskularren espezie babestuen populazioak kontserbazio egoera onean edukitzea.

Gako elementua: basoko egur hilean eta zuhaitz zaharretan bizi diren ornogabe babestuak.

-Amaierako 4. helburua.Basoko ornogabe babestuen populazioak kontserbazio egoera onean edukitzea.

Gako elementua: basoko saguzarrak.

-Amaierako 5. helburua.Bertizko Jaurerriko basoak har dezakeen adinako saguzar komunitatea mantentzea.

Gako elementua: Pizidoak.

-Amaierako 6. helburua.Bertizko Jaurerriko basoak har ditzakeen adinako pizido populazioak mantentzea.

Gako elementua: kriptogamoak: kontserbaziorako interesa duten goroldioak, hepatikoak, likenak eta onddoak.

-Amaierako 7. helburua.Bertizko Jaurerrian bizi diren intereseko kriptogamoak kontserbazio egoera onean edukitzea.

2.3. Erabilera publikoaren helburu berariazkoak.

Erabilera publikoari dagokionez, berariazko helburua izanen da Espainiako Kalitate Turistikoaren Institutuak naturgune babestuetarako ematen duen kalitatearen "Q" ziurtagiriari eustea. Horretarako, Parkeari aplikatu beharreko arauaren puntu guztiak bete behar dira, eta Jaurerrian ezarritako Turismoko Kalitate Sisteman ezarritako politika eta kalitate-helburuak ere bai. Hona hemen:1. Parkera datozen bisitarien eskariak betetzeko ekipamendu eta zerbitzu egokiak jartzea.

2. Horrekin batera, ekipamendu eta zerbitzu horien neurriak ingurunearen harrera ahalmenari egokitzea, bisitarien eskariak gune honen deklarazioa eragin duten balioekin bateragarriak izan daitezen.

3. Ekipamendu eta zerbitzu horien funtzionamenduaren kalitatea uneoro bermatzea, eragimenaren, eraginkortasunaren eta etengabeko hobekuntzaren printzipioei jarraituz.

4. Kalitate arauaren baldintzak betetzeko langile eta baliabide nahikoak eta egokiak edukitzea.

5. Parkea eraginkortasunez antolatzea, ekipamendu eta zerbitzuen funtzionamendua Kalitate Sistemaren araberakoa izan dadin.

6. Langile guztiek kalitate politikaren printzipioetan eta horien aplikazioan, betearazpenean eta hobekuntzan aktiboki parte har dezaten lortzea.

3.-APLIKAZIO EREMUA ETA INDARRALDIA

Bertizko Jaurerriko Natur Parkea Kantauriko Ibarretako eskualdearen erdian dago, isurialde kantabrikoaren eta mediterraneoaren banalerrotik iparraldera, Bidasoa ibaiaren ertzean. Natur gune honek 2.052 hektarea ditu, eta Bertizaranako udal mugapean dago. Iparraldean Etxalarko udalerria du mugakide, ekialdean Baztango udalerria, hegoaldean Bidasoa ibaia, eta mendebaldean Oieregiko eta Narbarteko kontzejuak, biak ere Bertizaranako udal mugapean, eta Bidasoa-Berroarango Administrazio Batzarrearen mendiak.

Bertizko Jaurerriaren jabetzari buruzko lehen aipamen historikoak 1392koak dira. Finka partikularra izan zen 1949ra arte. Orduan azken jabeak legatuan eman zion Nafarroari, eta haren izenean Foru Diputazioari. Geroztik Bertizko Jaurerria Nafarroako oihan ondarea da eta Nafarroako Gobernua da haren jabea.

Parkea Erabili eta Kudeatzeko Plan Zuzentzaile honen indarraldia 10 urtekoa izanen da. Epe hori bukatzen denean plana berrikusi egin beharko da. Dena den, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak hura berrikusi edo aldatu ahal izanen du, beraren ustez gorabeheraren batean EKPZn aurreikusi ez eta naturgunearen balioak ukitu ditzakeen aldaketa bat izaten denean.

EKPZ onesteko bete den prozedura bera erabiliko da hura berrikusi edo aldatzeko, horretarako araudi berariazkorik izan ezean.

4.-KUDEAKETA ORGANOAK

Parkea kudeatzea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari dagokio.

Organigrama ezartzeko, bada, kontuan hartzen dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren egitura, ezarritako Turismoko Kalitate Sistemaren eskakizunak eta Zainketa Bereziko Eremu honen kontserbazio helburuak.

4.1. Organigrama orokorra eta eginkizunak.

Lanerako lau arlo ezarri dira: Zuzendaritza Arloa, Kalitate Arloa, Erabilera Publikoaren eta Mantentzearen Arloa eta Kudeaketa eta Kontserbazio Arloa. Azken hirurak lehenengoaren zuzendaritzapean egonen dira.

1. Zuzendaritza Arloa.

Natur Parkeko zuzendari kontserbatzailearen eginkizunak Nafarroako Oihan Ondareko finken oihan-kudeaketarako eskumenak dituen atalari eman zaizkio. Horrek ez du inola ere eragotziko hierarkiako nagusiek haren lana gainbegiratzea.

Hauek izanen dira zuzendari kontserbatzailearen eginkizun berariazkoak:

a) Natur Parkeko organigramako langileen jarduna zuzendu eta koordinatzea, bere eskumeneko eremuan. Parkeko lan arlo guztietako arduradunen jarduna zuzendu eta gainbegiratzea.

b) Urtero aurretiazko txosten bat eta amaierako beste txosten bat egitea Jaurerrian egiten diren jarduerei buruz.

c) Natur eta kultur baliabideen zainketa kontrolatu eta sustatzea.

d) Erabilera publikoa kontrolatu eta sustatzea.

e) Parkean ezarritako Turismoko Kalitate Sistemak zuzendaritzari ezartzen dizkion eginkizun guztiak.

f) Natur Parkean ikerkuntza kontrolatu eta sustatzea eta ikerketen koordinazioaz, aplikazioaz eta zabalkundeaz arduratzea. Horretarako, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko hainbat unitateren laguntza izanen du.

g) Parkea Erabili eta Kudeatzeko Plan Zuzentzaile honen aplikazioa eta jarraipena.

h) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko langileei laguntzea Parkean egiten dituzten lanetan.

i) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan nagusiek ezartzen dizkioten eginkizun guztiak.

j) Txostenak egin eta, behar denean, ebazpen proposamenak aurkeztea Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiari, Zuzendaritza Nagusi horrek eman beharreko baimenei buruz, Plan hau eta legezko eta erregelamenduzko xedapen aplikagarriak kontuan harturik.

k) Ondoko erabilera eta jarduera hauetarako baimena ematea:

-Parkeko pistetatik zirkulatzeko, ikerketa, kudeaketa eta sustapen lanak edo bestelako erabilera eta jarduera baimenduak nahiz baimendu beharrekoak direla-eta.

-Jendearentzat itxita dauden ekipamenduak erabiltzeko, Parkearekin zerikusia duten ikerketa, kudeaketa edo sustapen lanak direla-eta.-Salbuespenez eta bidezko arrazoiengatik Parkean gaua emateko.

-Film edo argazki profesionalak egiteko, batez ere publizitaterako, eta ezaugarri berak dituzten bideo edo telebista grabazioak egiteko.

-Erakunde pribatu nahiz publikoek eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaz aparteko departamentuek sustaturiko seinaleak jartzeko, betiere Parkean ezarritako Turismoko Kalitate Sistemari jarraituz.

Zuzendari kontserbatzaileak zilegi izanen du aurreko idatz-zatiko a, b, c, d, e, f, g, h, i eta j letretan azaltzen diren eginkizunak Nafarroako Oihan Ondareko finken oihan-kudeaketaren eskumena duen ataleko burutzari atxikitako teknikari kualifikatu bati emateko.

Teknikari hori zuzendari kontserbatzailearen albokoa izanen da, eta zuzendari kontserbatzaileak zehazten dituen egoera guztietan Parkearen ordezkaritza hartu ahal izanen du.

2. Kalitate arloa.

Arlo hau teknikari kualifikatu baten ardurapean egonen da. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko teknikaria nahiz Administraziotik kanpokoa izan daiteke, eta nolanahi ere Parkeko Zuzendaritzaren mende ariko da.

Hauek izanen dira Kalitatearen arduradunaren eginkizun berariazkoak:

a) Kalitate Sistema ezarririk, finkaturik eta zaindurik dagoela bermatzea.


b) Kalitate Sistemaren dokumentazioa prestatu eta koordinatzea (kalitatearen eskuliburua, jarduteko prozedurak, lanerako jarraibideak etab.).

c) Kalitate Sistemaren funtzionamenduaren gaineko txostenak egitea Parkeko Zuzendaritzari, hura berrikus dezan. Zerbitzuaren kalitatea gutxitzen ahal duten arazoak atzematea.

d) Kalitatea murrizten duten arazoak nola konpontzen diren eta zuzenketa neurriak nola betetzen diren kontrolatzea, eta horiek kontrolatu eta ixtea.

e) Kalitate Batzordeari desadostasunak, zuzenketa eta prebentzio neurrietarako proposamenak, gogobetetzeari buruzko inkesten emaitzak eta Kalitate Batzordeak zehazten dituen gainerako gaiak jakinaraztea. Kalitate politika eta kalitate helburuak proposatzea.

f) Kalitate Sistema ezarri, mantendu eta berrikusiko dela bermatzea.

g) Sistemaren dokumentazioa berrikustea eta behar diren aldaketak proposatzea.

h) Erabilera Publikoaren arduradunari Kalitate Sistemaren dokumentazioaren bidez bildutako datuak ematea, erabilera publikoari buruzko urteko memorian sartzeko.

i) Kalitate Batzordean idazkari aritzea.

j) Kudeaketak eta administrazio lanak egitea.

k) Bere ardurapeko kalitate erregistroak artxibatzea.

l) Parkeko Kalitate Sisteman Kalitatearen arduradunarentzat zehaztuta dagoen guztia betetzea.

m) Erabilera Publikoaren eta Mantentzearen Arloko eta Obra Arloko arduradunen lana gainbegiratzea, Parkeko Kalitate Sistemari dagokionez.

3. Erabilera Publikoaren eta Mantentzearen Arloa.

Arlo hau teknikari kualifikatu baten ardurapean egonen da. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko teknikaria nahiz Administraziotik kanpokoa izan daiteke, eta nolanahi ere Parkeko Zuzendaritzaren mende ariko da.

Behean zehazten diren eginkizunez gain, arlo honetako eta Kudeaketa eta Kontserbazio Arloko obrak edo lanak egiteko kontratu eta mandatuen baldintza-agirietan Administrazioak xedatzen duena beteko eta betearaziko du, eta obren zuzendaria izanen da.

Natur Parkean ezarritako Kalitate Sistemaren eskakizunei dagokienez, Erabilera Publikoaren Arloak Kalitate Arloaren aginduak beteko ditu.

Erabilera Publikoaren eta Mantentzearen arduradunak berariazko eginkizun hauek izanen ditu:

a) Parkeko harrera lanetan, informazioan, ingurumen hezkuntzan, ondarearen interpretazioan eta zaintzan diharduten langile guztiak zuzendu eta koordinatzea.

b) Natur Parkeko lorezaintza, igeltserotza, garbiketa eta mantentze lanetan eta obretan diharduten langile guztiak zuzendu eta koordinatzea.

c) Erabilera Publikoaren Plana betearaztea eta ezarritako Erabilera Publikoaren Ereduari jarraitzen zaiola bermatzea.

d) Parkeko erabilera publikoko ekipamenduen egoera egokia bermatzea.

e) Gaur egungo finantzabideen ordez beste batzuk bilatzea.

f) Parkearen erabilera publikoa sustatu eta bultzatzea.

g) Urtero arlo honetako jarduketen proposamena aurkeztea.

h) Erabilera Publikoari buruzko Urteko Memoria egitea, arlo honetako ekintza guztien balantzea azalduko duena.

i) Parkearen erabilera publikoarekin eta mantentzearekin zerikusia duen edozein jarduketa antolatu eta gainbegiratzea, Zuzendaritzak hala eskatuz gero.

j) Erabilera Publikoaren eta Mantentzearen Arloan Kalitate Sistema ezarririk eta finkaturik dagoela eta mantendu egiten dela bermatzea.

k) Erabilera publikoaren eta mantentzearen arloko batzordeetan parte hartzea, dei egiten zaionean.

l) Erabilera publikoko materialak prestatu eta ekipamendu eta zerbitzuak eskaini eta mantentzea, Parkeko Turismoko Kalitate Sisteman zehaztutako baldintzak betetzen dituztenak.

m) Iradokizunak jasotzea, Zuzendaritzari erreklamazioei erantzuten laguntzea eta horretarako proposamenak egitea, auditorietan atzemandako akatsak zuzentzeko edo gorabeherei aurre egiteko ekintzak betearaztea, eta prebentzio eta hobekuntza ekintzak proposatzea.

n) Parkeko Kalitate Sisteman Erabilera Publikoaren eta erabilera horri lotutako Mantentzearen arduradunarentzat zehaztuta dagoen guztia betetzea.

o) ZBE honen kontserbaziorako irizpideetan ezarritako arau eta gidalerroak arlo honetan bete daitezen arduratzea.

4. Kudeaketa eta Kontserbazio Arloa.

Arlo hau teknikari kualifikatu baten ardurapean egonen da. Teknikari hori Nafarroako Foru Komunitateko Administraziokoa nahiz Administraziotik kanpokoa izan daiteke, eta nolanahi ere Parkeko Zuzendaritzaren mende ariko da.

Natur Parkean ezarritako Kalitate Sistemaren eskakizunei dagokienez, Kudeaketa eta Kontserbazio Arloak Kalitate Arloaren aginduak beteko ditu.

Hauek izanen dira Kudeaketaren eta Kontserbazioaren arduradunaren eginkizun berariazkoak:

a) Zainketa Bereziko Eremu honen kontserbazioari begira amaierako helburuak bete daitezela sustatzea.

b) Eremu honen kontserbaziorako kudeaketa-irizpideetan ezarritako ekintzak edo neurriak koordinatu eta gainbegiratzea, Parkeko Zuzendaritzarekin batera.

c) Erabilera Publikoaren eta Mantentzearen arduradunarekin batera aritzea obren zuzendaritza lanetan, arlo honetan bete beharreko neurriei dagokienez.

d) ZBE honen kontserbaziorako kudeaketa-irizpideetan ezarritako arau eta gidalerroak betetzen direla ziurtatzea eta nola betetzen diren gainbegiratzea.

e) Urtero arlo honetako jarduketen proposamena aurkeztea.

f) Urte amaierako txostena egitea, arlo honetako ekintza guztien balantzea azalduko duena.

g) Parkearen kudeaketarekin eta kontserbazioarekin zerikusia duen edozein jarduketa antolatu eta gainbegiratzea, Zuzendaritzak hala eskatuz gero.

h) Erabilera publikoaren arloko batzordeetan parte hartzea, dei egiten zaionean.

4.2. Kalitate sistema kudeatzeko organoa.

Parkean ezarritako Turismoko Kalitate Sistema kudeatzeko sortutako organoa da Kalitate Batzordea. Natur Parkeko ekipamendu eta zerbitzuen kalitateari eragiten dioten jarduera guztiak sustatu eta kontrolatzen ditu.

Aipatu sistema horretan ezarritako osaera eta eginkizunak izanen ditu.

5.-PARTE HARTZEKO ORGANOAK

Patronatua eratuko da, aholku emateko eta parte hartzeko organo kolegiatu gisa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuarekin elkarlanean Natur Parkea kudeatu dezan.

Haren osaera, eginkizunak eta funtzionamendu arauak honako hauek dira:

5.1. Osaera.

Bertizko Jaurerriko Natur Parkeko Patronatuan ondoko entitate eta erakunde hauen ordezkariak bilduko dira, gutxienez:

a) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren lau ordezkari; horietako bi zuzendari kontserbatzailea eta zuzendari kontserbatzailearen albokoa izanen dira, norbait aukeratzen bada horretarako.

b) Turismo Zuzendaritza Nagusiaren ordezkari bat.

c) Hezkuntza Departamentuaren ordezkari bat.

d) Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren ordezkari bat.

e) Oieregiko Kontzejuaren ordezkari bat.

f) Bertizaranako Udalaren ordezkari bat.

g) Narbarteko Kontzejuaren ordezkari bat.

h) Bidasoa-Berroarango Administrazio Batzarrearen ordezkari bat.

i) Etxalarko Udalaren ordezkari bat.

j) Baztango Udalaren ordezkari bat.

k) Bertizko Turismo Partzuergoaren ordezkari bat.

l) Natura ikertu, zaindu eta babesteko elkarteen bi ordezkari, Nafarroako Ingurumen Kontseiluko kideek izendatzen dituztenak.

m) Cederna-Garalur Elkartearen ordezkari bat, ingurukoa.

5.2. Eginkizunak.

Oro har, Patronatuaren eginkizunak dira aholkularitza, lankidetza eta herritarren parte-hartzea. Halaber, Natur Parkearen araudia bete dadin arduratuko da, bertako balio ekologikoen defentsa eraginkorrean lagunduko du, garapen iraunkorra sustatuko du bai Parke Naturalaren barnean bai inguruetan, eta Parke Naturalerako onuragarri eta beharrezkotzat jotzen dituen kudeaketa guztiak eginen ditu.

Berariaz, Patronatuak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak, parkeko erabileretan zuzeneko interesa duten sektoreen partaidetzaz, Natur Parkea Erabili eta Kudeatzeko Plan Zuzentzailean aldaketa garrantzitsuren bat egiten duenean, txostena egitea, Nafarroako Gobernuak aldaketa onetsi aurretik.

b) Natur Parkeko balioak ezagutarazi eta zabaltzeko sustapenean laguntzea.

c) Natur Parkearen inguruko biztanleei eta Parkeko baliabideak erabiltzen dituztenei parte hartzeko bidea ematea, gune babestua zaindu eta garatzeko berme gisa.

d) Basogintzako eta turismoko planez eta Natur Parkeko baliabideetan eta bertako balio berezien kontserbazioan eragina duten plan guztiez informatua izatea.

e) Natur baliabideen kudeaketari, kontserbazioari, erabilera publikoari eta espazioaren administrazioari loturik Natur Parkean egiten diren jarduketa eta jardueren gaineko informazioa jasotzea.

f) Natur Parkea handitzeko proposamenen berri jasotzea.

g) Urteko Jarduketen Programaren berri jasotzea, eta Natur Parkeko Jardueren eta Emaitzen Urteko Memoria ezagutzea.

h) Ordezkariak dituzten sektoreen interesak eta jarduerak Natur Parkearen helburuekin eta jarduketarekin ongi koordinatzeko irizpideak ezarri eta neurriak sustatzea.

i) Patronatuan ordezkariak dituzten entitateek Natur Parkearen kudeaketan elkarlanean jardun dezaten sustatzea.

j) Guztien intereseko jarduketak hitzartzea ordezkaritza duten entitateen eta Natur Parkearen artean.

k) Ekimenak, proposamenak eta iradokizunak aurkeztea, koordinazio, harmonizazio eta partaidetza helburuak eta, oro har, Natur Parkearen berariazko helburuak hobeki betetzeko.

l) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak Natur Parkea dela-eta iritzia eskatzen dionean txostena ematea.

Patronatuak eskatu ahal izanen du, aho batez, Natur Parkea zaindu eta erabiltzeko onuragarritzat jotzen dituen arauak eman daitezela edo bestelako ekimenak abian jar daitezela.

5.3. Patronatuko burua.

Patronatuko burua Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko titularra izanen da, edo berak izendatzen duen agintaria.

5.4. Idazkaria.

Patronatuko idazkaria Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko funtzionario bat izanen da, Zuzenbidean lizentziatua. Bileretan hizpidea izanen du baina boto eskubiderik ez.

5.5. Kideak berrestea eta kargutik kentzea. Ordezkoak.

Patronatua eratu ondoren, bertan ordezkaritza duten entitateek beren ordezkariak berresten dituzten edo kargutik kendu nahi dituzten jakinaraziko diote idazkariari. Betiere, entitateek beren ordezkariak ordezteko arauak eduki beharko dituzte eta idazkariari jakinaraziko dizkiote. Arau horietan ordezkoak nola izendatu zehaztuko da.

5.6. Bilkuretako aztergai zerrendak.

Patronatuko buruari dagokio bilkuretako aztergaien zerrenda egitea, idazkariarekin ados jarrita. Aztergaien zerrenda, dokumentazioarekin batera, Patronatuko kideei igorriko zaie, bilkuraren eguna baino nahikoa denbora lehenago.

5.7. Bilkuretara joatea.

Patronatuko buruaren ustez zerrendako gaiak aztertzen laguntzen ahal duten pertsonak Patronatuaren bileran parte hartzen ahalko dute, hizpidea dutela baina boto eskubiderik gabe.

6.-KUDEATZEKO IRIZPIDEAK

Kontserbaziorako

Helburu operatiboak eta berariazko jarraibideak ezarri dira kontserbazioaren gakoak diren hiru elementu bakoitzerako:

Gako elementua: baso hostoerorkorrak: pagadi azidofiloak, harizti autoktonoak (haritz kanduduna, ametza eta haritz kandugabea) eta haltzadi eta erreka ertz atlantikoak.

-1.1. helburu operatiboa.

Gutxienez ere, egur hilaren, zuhaitz zaharren eta intereseko zuhaitzen (beren adinagatik, tamainagatik edo ezaugarriengatik kultur edo ingurumen balio handia duten zuhaitzen) gaur egungo tasari eutsiko zaio, elementu horiek funtsezkoak direlako baso hostoerorkorretako dibertsitate biologikoaren iraupenerako.

1.1.3. jarraibidea: Erabilera Publikoaren Planean kontuan hartuko da Bertizko Jaurerrira datozen bisitariak sentiberatzeko kanpaina egin behar dela, baso helduei, zuhaitz zaharrei eta egur hilari lotutako dibertsitate biologikoaz.

-1.2. helburu operatiboa.

Baso hostoerorkorren naturaltasuna areagotuko da, espezie exotikoak pixkanaka ordeztuz.

1.2.5. jarraibidea: espezie exotikoak deuseztatzean, ahal bezainbeste murriztuko dira kalte egin dezaketen jarduerak (kaxak irekitzea, makina handiak erabiltzea, bidexkak egitea, etab.).

1.2.6. jarraibidea: espezie exotikoak deuseztatzeko lanetan ez zaie kalterik eginen interes handiko espezie autoktonoetako zuhaitz heldu edo ale gazteei, batez ere zuhaitz exotikoen artean eta inguruetan hazten diren hagin eta gorostiei.

1.2.7. jarraibidea: haritz gorriaren sailak lantzeko modua Kontrol Planean zehaztuko da.

1.2.8. jarraibidea: espezie exotikoen, batez ere haritz gorriaren, arraseko mozketak egiten diren tokietan, landare autoktonoak erein edo landatuko dira, espezie inbaditzaileek ingurua kolonizatu ez dezaten.

1.2.9. jarraibidea: moztutako zuhaitz exotikoen egurra urtero esleitzen diren egur loteetarako baliatu ahal izanen da.

1.2.10. jarraibidea: ahal dela, lurra heze dagoenean ez da lanik eginen, lurzoruaren egitura ez hondatzeko.

1.2.11. jarraibidea: pagadietan espezie exotikoak deuseztatzen direnean, soilguneak uzteko aukera ukatu gabe, espezie sekundario autoktonoen landaketa osagarriak eginen dira.

1.2.12. jarraibidea: espezie exotikoak deuseztatzeko bitartekorik leunena erabiliko da. Beste aukerarik ez badago, fitozida selektiboak erabiliko dira.

1.2.13. jarraibidea: Bertizko Jaurerriko erreka ertzetan honako espezie hauek landatu ahal izanen dira: Alnus glutinosa, Fraxinus excelsior, Frangula alnus, Populus tremula, Populus nigra, Salix caprea, Salix atrocinerea, Ulmus glabra, Corylus avellana eta Crataegus monogyna. Landareak Bertizko Jaurerriko hazietatik lortuko dira bertako mintegian, eta aldaxkak Bertizko Jaurerriko basoetatik hartuko dira. Beste espezie autoktonoren bat erabili nahi bada, ingurumenaren aldetik justifikatu beharko da eta gunea kudeatzen duten organoen baimena eskuratu beharko da. Bertizen hazirik ez badago, espeziearen jatorrizko eskualdetik ekarriko da landarea.

-1.3. helburu operatiboa.Hariztiaren kontserbazio egoera ona lortuko da, pagoari ez zaio hariztietan sartzen utziko eta haritzari hazten lagunduko zaio pagadiaren eta hariztiaren arteko mugetan.

-1.4. helburu operatiboa.

Espezie sekundario autoktonoak hedatuko dira berezko birsorkuntzaren bidez edo/eta landaketaren bidez.

1.4.4. jarraibidea: Bertizko Jaurerrian espezie sekundario autoktono hauek landatu ahal izanen dira: Sorbus aria, Sorbus aucuparia, Sorbus torminalis, Ilex aquifolium, Taxus baccata, Betula pendula, Corylus avellana, Malus sylvestris, Pyrus cordata, Prunus avium, Tilia cordata, Tilia platyphyllos, Frangula alnus, Cornus sanguinea, Crataegus monogyna, Acer campestre, Fraxinus excelsior, Populus tremula eta Castanea sativa. Beste espezie autoktonoren bat erabili nahi bada, ingurumenaren aldetik justifikatu beharko da.

1.4.5. jarraibidea: espezie sekundario autoktonoak eskuz landatuko dira, ahal dela. Pagadiaren eta eremu irekien arteko mugetan landatuko dira.

-1.5. helburu operatiboa.

Erreka ertz eta haltzadiak zainduko dira eta haien dibertsitate biologikoa eta lotutako prozesu ekologikoak mantenduko dira.

-1.6. helburu operatiboa.

Baso hostoerorkor mistoetako gaztainondo-unada txikien galera saihestuko da eta haiei lotutako dibertsitate biologikoa zainduko da.

Gako elementua: larreak, sastrakadiak eta belardiak.

-2.1. helburu operatiboa.

Bertizko Jaurerriko larre historikoak lehengoratuko dira, eta mantendu eginen dira larre-sastraken mosaikoak eta belardiak.

2.1.3. jarraibidea: ibarraren behealdeko belardiak mantenduko dira. Ezer landatzekotan heskaiak lehengoratzeko eginen da eta espezie autoktonoak erabiliko dira.

Gako elementua: landare espezie babestuak: Soldanella villosa, Vandenboschia speciosa eta Hymenophyllum tunbrigense.

-3.1. helburu operatiboa.

Bertizko Jaurerrian bizi diren landare baskular babestuen gaur egungo kontserbazio egoera eta kontserbazio egoera ona zehaztuko dira, eta landare baskular babestuen habitatak kontserbazio egoera onean edukiko dira.

Gako elementua: basoko egur hilean eta zuhaitz helduetan bizi diren ornogabe babestuak.

-4.1. helburu operatiboa.

Basoko ornogabe espezie babestuen populazioak identifikatu eta haien ezaugarriak zehaztuko dira Bertizko Jaurerrian.

-4.2. helburu operatiboa.

Basoko ornogabe espezie babestuen habitatak kontserbazio egoera onean edukiko dira.

"Baso hostoerorkorrak" izeneko gako elementuaren jarraibideak aplikatuko dira, batez ere ondokoak:

-Egur hila, zuhaitz zaharrak eta intereseko zuhaitzak zaintzea (1.1. helburu operatiboa).

-Hariztiaren kontserbazio egoera ona lortzea (1.3. helburu operatiboa).

-Zuhaitz eta zuhaixka espezie sekundarioak hedatu eta mantentzea (1.4. helburu operatiboa).

Gako elementua: basoko saguzarrak.

-5.1. helburu operatiboa.

Bertizko Jaurerrian bizi diren basoko saguzarren aniztasuna identifikatu eta haien ezaugarriak zehaztuko dira.

-5.2. helburu operatiboa.

Basoko saguzarren habitatak kontserbazio egoera onean edukiko dira.

5.2.4. jarraibidea: alanbre kilometroak kontatzeko erabiltzen den haria bigarren ilaran jarriko da eta material biodegradagarriz egina izanen da.

5.2.5. jarraibidea: zaharberritzen diren eraikin edo bordetako egurren tratamenduan ez da erabiliko ugaztunentzat toxikoa den produkturik.

5.2.6. jarraibidea: eraikin edo azpiegiturak (bordak, ukuiluak, zubiak, baserriak, Aizkolegiko jauregia, Lorategi Historiko Artistikoko jauregia, eraikinak eta egiturak) zaharberritzen direnean, ingurumen bideragarritasunari buruzko txostena emanen da. Bertan kontuan hartuko dira saguzarren behar ekologikoak eta obrak egiteko garai egokienak zehaztuko dira, bai eta zuzenketa neurriak ere, beharrezkoak izanez gero. Jarraibide hau aplikagarria izanen da Bertizko Jaurerriko Lorategi Historiko Artistikoan zuhaitzak hobetzeko egin daitezkeen jarduketetan ere.

"Baso hostoerorkorrak" izeneko gako elementuaren jarraibideak aplikatuko dira, batez ere ondokoak:

-Egur hila, zuhaitz zaharrak eta intereseko zuhaitzak zaintzea (1.1. helburu operatiboa).

-Hariztiaren kontserbazio egoera ona lortzea (1.3. helburu operatiboa).

-Zuhaitz eta zuhaixka espezie sekundarioak hedatu eta mantentzea (1.4. helburu operatiboa).

-Zuhaitz motzak zaindu eta sustatzea (4.2. helburu operatiboa).

Gako elementua: pizidoak.

-6.1. helburu operatiboa.

Okil gibelnabarraren (Dendrocopos leucotos) presentzia identifikatuko da, aipatu izan diren beste pizido espezie batzuen (okil beltza eta okil ertaina) presentzia egiaztatuko da eta espezie bakoitzaren kontserbazio egoera zehaztuko da.

-6.2. helburu operatiboa.

Pizidoen habitatak kontserbazio egoera onean edukiko dira.

"Baso hostoerorkorrak" izeneko gako elementuaren jarraibideak aplikatuko dira, batez ere ondokoak:

-Egur hila, zuhaitz zaharrak eta intereseko zuhaitzak zaintzea (1.1. helburu operatiboa).

-Hariztiaren kontserbazio egoera ona lortzea (1.3. helburu operatiboa).

-Zuhaitz eta zuhaixka espezie sekundarioak hedatu eta mantentzea (1.4. helburu operatiboa).

-Zuhaitz motzak zaindu eta sustatzea (4.2. helburu operatiboa).

Gako elementua: kriptogamoak: kontserbaziorako interesa duten goroldioak, hepatikoak, likenak eta onddoak.


-7.1. helburu operatiboa.

Briofito, liken eta onddo mehatxatuen, babestuen edo interesekoen aniztasuna zehaztuko da Bertizko Jaurerrian, horiek zaintzeko.

-7.2. helburu operatiboa.

Kriptogamoen habitatak kontserbazio egoera onean edukiko dira.

7.2.1. jarraibidea: Bertizko Jaurerriko pista nagusietan ezpondetako belar-sastrakak garbitzen direnean, ura darien guneetan eta tuparrizko gune txikietan (briofitoen gainean metaturiko kaltzio karbonatoaz osatuak) kontu handiz eginen dira lanak, tarteka goroldio eta hepatikoek osatzen duten landare estalkiari kalterik ez egiteko.

"Baso hostoerorkorrak" izeneko gako elementuaren jarraibideak aplikatuko dira, batez ere ondokoak:

-Egur hila, zuhaitz zaharrak eta intereseko zuhaitzak zaintzea (1.1. helburu operatiboa).

-Hariztiaren kontserbazio egoera ona lortzea (1.3. helburu operatiboa).

-Zuhaitz eta zuhaixka espezie sekundarioak hedatu eta mantentzea (1.4. helburu operatiboa).

-Zuhaitz motzak zaindu eta sustatzea (4.2. helburu operatiboa).

Erabilera publikorako

Oro har.

a) Jarduera publikoak eta jarduera horien antolaketaren inguruko ekintza guztiak Natur Parkeko natur eta kultur ondarearen kontserbazio publikoa bermaturik dagoela eginen dira.

b) Natur Parkearen erabilera publikoa planifikatzeko, Erabilera Publikoaren Plana eginen da, bere programekin.

c) Erabilera Publikoaren Planean erabiltzen diren izenak eta definizioak bat etorriko dira "Natur gune babestuen erabilera publikoaren inguruko kontzeptuen eskuliburua" izenekoan (Europarc-Espainia, 2005) edo horren berrikuspenetan ezarritakoarekin.

d) Erabilera publikoarekin zerikusia duten gai guztietan, Parkean ezarritako Turismoko Kalitate Sistemako arauak beteko dira. Sistema horrek, berriz, Espainiako Kalitate Turistikoaren Institutuak naturgune babestuei "Q" kalitate ziurtagiria emateko ezarri dituen arauak beteko ditu.

e) Jarduerak, ekipamenduak eta zerbitzuak hezkuntzari begira eginen dira, bisitariak natur eta kultur ondarera hurbil daitezen, ingurumenaz arduratu daitezen eta hobeki uler dezaten gune hau, Nafarroako Naturgune Babestuen Sarearen barnean kokatua.

f) Ingurumen hezkuntzako programa berariazkoak eginen dira, in situ garatzeko, Natur Parkeko baliabideekiko zuzeneko kontaktua dela medio, eta eskola-umeek, inguruko biztanleek eta bisitariek parte har dezaten.

g) Harrera eta informazio programak antolatuko dira bisitarientzat, gune babestuko biztanleentzat eta Parkeko langileentzat. Programa horien bidez Parkeko natur eta kultur balioak ezagutaraziko dira, erabilera publikoari buruzko informazioa emanen da eta indarra duten arauen berri zabalduko da, portaera gomendagarriak eta naturgune babestuan jarduerak egiteko baldintzak zein diren argitzeko.

Erabilera publikoko ekipamendu eta zerbitzuak.

a) Erabilera publikoko instalazioak lehendik dauden eraikuntzetan kokatuko dira lehentasunez. Eraikin berriak ahalik eta gutxien izanen dira.

b) Ekipamenduen diseinuan eta funtzionamenduan "ingurumen praktika onak" betetzeko ahaleginak eginen dira: energiaren aprobetxamendua, uraren zentzuzko erabilera, hondakinen kudeaketa, produktu kaltegarri gutxiago erabiltzea eta horiek integratzea. Arkitektura bioklimatikoa sustatuko da, eraikinaren diseinutik bertatik hasita ingurumen faktoreak kontuan hartzen dituena.

c) Ahal dela, erabilera publikoko ekipamenduek sarbide erraza izanen dute, irisgarritasun unibertsalaren irizpidearekin bat.

d) Natur Parkeko bidexken sarea egokituko da, ibiltzeko baldintzak hobetuz eta seinaleak zainduz eta berrituz, hezkuntza beharretara eta naturaren, kulturaren eta paisaiaren balioen zabalkundera egokitzeko.

e) Natur Parkean erabilera publikoko ekipamendu guztiak ingurumen hezkuntzako programak garatzeko erabiliko dira.

f) Natur Parkeko seinaleak berritu eginen dira erabilera publikoak eta kontserbazioak hala eskatzen dutenean, gerta daitezkeen egoera berriei ekiteko eta, halaber, aurrerapen teknikoetara egokitzeko. Seinale horiek Parkeko Turismoko Kalitate Sisteman xedatutakoa beteko dute beti.

Sarrera eta aparkalekua.

a) Ibilgailuak sarrera nagusitik baizik ez dira sartuko Parkera, Bidasoa ibaiko zubian zehar, Oieregitik eta Oronoz-Mugairitik etorrita. Gainerako sarrerak (Plazazelai, Eskintz, Erreparatzea) ibilgailuentzat itxita egonen dira ataka edo bestelako sistemen bitartez.

b) Ibilgailuak sarreratik aparkaleku nagusiraino iritsiko dira. Parkeko gainerako tokietan debekaturik dago ibilgailu motordunean ibiltzea, salbu eta Parkeko zerbitzurako, Goitikoetxea, Aranea eta Markesenea baserrietara joateko eta Parkeko Zuzendaritzak berariaz baimendutako joan-etorrietarako.

Argibideak.

a) Inguruko turismoari buruzko informazioa Parkearen kanpoaldean dagoen turismo bulegoan emanen da. Nafarroako Gobernuan turismo gaietako eskumena duen departamentuak kudeatuko du turismo bulegoa.

b) Parkeari buruzko informazioa, berriz, Etxeberria baserrian dagoen Parkeko Harrera eta Argibide Zentroan emanen da, eta noizbehinka Harrera Etxolan.

Ingurumen hezkuntza.

a) Naturaren Interpretazio Zentroa Tenientetxea baserrian dago. Kotxetegian jarduera osagarriak eginen dira.

b) Parkearen helburu nagusietako bat bisitariei bertako natur balioak ezagutarazi eta ulertaraztea izanen da. Interpretazioko eta ingurumen hezkuntzako jardueren bitartez, ezaugarri nagusiak modu erakargarrian aurkeztuko dira.

7.-EREMUKAKO BANAKETA

Natur Parkean eremu desberdinak daude, kontserbazioaren eta erabilera publikoaren arloetako helburuei eta Parkea Erabili eta Kudeatzeko Plan Zuzentzaile honetan ezarritako gainerakoei erantzuteko ahalbide oso desberdinak dituztenak.

Gaur egun Parkeak 70.000 bisitari inguru hartzen ditu jarduera programetan.

Sistema ekologikoen iraupenaren eta hezkuntza, turismo, kultur eta zientzia jardueren arteko oreka lortzeko, tokia egituratu beharra dago, hots, Parkea eremuka banatu behar da.

Banaketa horretan lehentasunezko irizpide hauek erabili dira: natur balioak zaindu eta lehengoratzea, eta erabilera pedagogiko eta turistikoa indartzea.

Lau eremu bereizi dira.

1.-Erabilera publikoko eremua.

2.-Erabilera mistoko eremua.

3.-Igarotzeko eremua.

4.-Interes ekologikoko eremua.

1.-Erabilera publikoko eremua.

Toki hauek biltzen ditu: sarrera Erreparatzeatik eta Bidasoa ibaiko zubitik, aparkalekua, Jaurerriaren hegoaldeko landak, zuhaiztiak eta jolas lekuak, Balangondoa, Parkeko Harrera eta Argibide Zentroa, harrera egin eta txartelak saltzeko etxola, Turismo Bulegoa, Naturaren Interpretazio Zentroa, Lorategi Historiko Artistikoa, Kotxetegia, Jauregia, Añeri, Lorategi Botaniko eta Arboretuma, Mintegia, Zabala Etxea eta bertako landa, gisu-labea eta ikaztobia eta Zabala Etxearen ondoko zuhaiztia. Eremu honek 22,1 hektareako azalera du.

2.-Erabilera mistoko eremua.

Biztanleak dituzten hiru baserriak, beren baratze eta belardiekin.

Eremu honek guztira 8,5 hektareako azalera du.

3.-Igarotzeko eremua.

Erreparatzea bidea, Aizkolegiko eta Plazazelaiko pistak eta azken bi horiek lotzen dituen bidea (lastoaren bidea). Eremu honek 8,9 hektareako azalera du.

4.-Interes ekologikoko eremua.

Jaurerriko gainerakoa: Aiantsoro errekaren bi alboetako mazeletan dauden basoak, Bagola errekaren arroa eta Infernuko errekaren arroaren zati bat, Aizkolegiko gailurra, eta Iturburua, Suspiro eta Irretarazu bidexkak.

Eremu honek 2.012,5 hektareako azalera du.

Parkeko baso-ekosistema mota guztiak biltzen ditu. Naturaltasunik handieneko guneak eremu honetan daude.

8.-ARAUDIA

Kontserbazio helburuei lotutako araudia.

Gako elementua: baso hostoerorkorrak: pagadi azidofiloak, harizti autoktonoak (haritz kanduduna, ametza eta haritz kandugabea) eta haltzadi eta erreka ertz atlantikoak.

1.1.2. araua: ez dira moztuko, ez osorik ez zati batean, hilik nahiz bizirik, espezie autoktonoetako zuhaitz handiak edota intereseko espezieen babestoki direnak, ez baldin badago horretarako arrazoi justifikaturen bat, batez ere segurtasunaren ingurukoa.

1.2.3. araua: Bertizko Jaurerrian ez da espezie exotikorik landatuko. Jaurerriaren hegoaldean, erabilera publikoko tokietan, inbaditzaileak ez diren espezie exotikoak erabili ahal izanen dira. Lorategi Historiko Artistikoa lehengoratzeko lanetan espezie inbaditzaileak erabiltzeko aukera aldez aurretik baloratu beharko da.

1.2.4. araua: jarduketa-tokietan elementu kultural, etnografiko edo megalitikoren bat aurkituz gero, horren kontserbazioa bermatzeko behar diren neurriak hartuko dira.

1.4.2. araua: espezie sekundario autoktono guztiak errespetatuko dira, hala nola Mallurketa mendiaren inguruetako urki unada bakanak, Mugarrizurietako, Goilorgoko Lepoko eta Aizkolegiko gorosti (Ilex aquifolium) eta hagin (Taxus baccata) unadak, eta gereziondo (Prunus avium) ale sakabanatuak.

1.4.3. araua: Bertizko jaurerrian espezie sekundario autoktonoak landatzen direnean, Lorategi Historiko Artistikoaren ondoko mintegian Bertizko Jaurerriko hazietatik lortutako landare edo zuhaitzak erabiliko dira. Ahal dela, Bertizko Jaurerriko haziak baizik ez dira erabiliko espezie sekundario autoktonoetako landareak lortzeko. Nahikoa landarerik ez badago, espeziearen jatorrizko eskualdetik ekarritako ugaltze-materiala erabiliko da landaketarako.

1.5.3. araua: jarduketetan errekak ezinbestez baizik ez dira ukituko, eta jarduketa amaitutakoan errekak lehengoratzeko lanak eginen dira.

Gako elementua: larreak, sastrakadiak eta belardiak.

Gako elementua: landare espezie babestuak: Soldanella villosa, Vandenboschia speciosa eta Hymenophyllum tunbrigense.

Gako elementua: basoko egur hilean eta zuhaitz helduetan bizi diren ornogabe babestuak.

"Baso hostoerorkorrak" izeneko gako elementuaren arauak aplikatu behar dira.

Gako elementua: basoko saguzarrak.

5.2.2. araua: Parkearen inguruko hesia berritzeko lanetan, lehengo itxituretako material zaharkitu guztiak jaso eta hondakindegira eramanen dira.

5.2.3. araua: erreken inguruetan itxitura berriak jartzen direnean, gutxienez 10 metroko tartea utziko da. Toki irekietan itxitura berriak jartzen direnean, ondoan espezie autoktonoak landatuko dira.

"Baso hostoerorkorrak" izeneko gako elementuaren arauak aplikatu behar dira.

Gako elementua: pizidoak.

"Baso hostoerorkorrak" izeneko gako elementuaren arauak aplikatu behar dira.

Gako elementua: kriptogamoak: kontserbaziorako interesa duten goroldioak, hepatikoak, likenak eta onddoak.

"Baso hostoerorkorrak" izeneko gako elementuaren arauak aplikatu behar dira.

ARAU OROKORRAK

Arau orokor hauek Natur Parke osoan bete behar dira:

1. Debeku da publizitate estatikoa, propaganda edo antzekoak jartzea. Kaleko salmenta debekaturik egonen da oro har, salbuespenez baimena ematen denean izan ezik.

2. Ez dira hondatu edo kaltetu behar natur inguruneko elementuak (hala nola zuhaitzak, harriak, landare komunitateak, landareak edo haziak), ez eta Parkeko beste elementuak ere. Harri, fosil, landare edo animalien laginak helburu zientifikoetarako hartzeko baimena eman ahal izanen da, betiere Parkearen kontserbazio helburuei kalte nabarmenik egiten ez bazaie.

3. Natur inguruneko elementuetan ez da inolako inskripzio, seinale, zeinu edo marrazkirik egin behar.

4. Debekaturik dago erabili eta botatzeko materialak, hondakinak, zaborra edo isurkinak botatzea, eta kutsadura eragin dezakeen beste edozein ekintza ere bai. Parkea elementu arrotzetatik garbitzea erabiltzaile guztien betebeharra da.

5. Uraren zirkulazio erregimena edota osaera fisiko eta kimikoa zuzenean edo zeharka aldaraz dezaketen jarduera eta ekintza guztiak debekaturik daude.

6. Debekaturik dago megafonoak eta soinu, ultrasoinu edo zaratak ateratzen dituzten bestelako tresnak erabiltzea, berariazko baimena izan ezean.

7. Ez da Parkeko animalien lasaitasuna nahastu behar, haiei kalte egin, haien atzetik segika ibili, animaliak harrapatu, ez eta animaliak ugaltzeko, elikatzeko eta aterpetzeko lekuak suntsitu eta kaltetu ere.

8. Debekaturik dago ibilgailu motordunetan ibiltzea Parke barnean, bidezko arrazoiren bat ez badago: segurtasuna, kontserbazioa, kudeaketa, salbamendua, ezinbestekoak, edo aurretik baimendutako jarduerak.

9. Debekaturik dago aisialdirako sua egitea, Parkeko Administrazioak horretarako berariaz egokitutako tokietan izan ezik. Era berean, debekaturik dago Jaurerri barnean material piroteknikoa erabiltzea. Salbuespenezko araua eman ahal izanen da sua erabat debekatzeko, edozertarako izanik ere, Parkeko toki guztietan.

10. Parkean ezin da abeltzaintzako jarduerarik egin, berariaz emandako baimena izan ezean.

11. Debekaturik dago fauna eta flora autoktonoetakoak ez diren animaliak edo landareak sartzea.

12. Lagun egiteko animaliak sartu ahal izanen dira, loturik badoaz eta jabeek uneoro kontrolatzen badituzte. Animalia horiek ez diete inolako trabarik egin behar ez pertsonei ez Parkeko animaliei. Gainera, gai horri buruzko Estatuko eta Foru Komunitateko legeria bete behar da. Zakurrek gehienez ere 1,50 metroko luzera duen hede sendo edo kate batetik arduradun bati loturik ibili behar dute. Horrez gain, lehenago noizbait erasorik egin duten zakurrek edota aldez aurretik arriskugarritzat jo daitezkeenek nahitaez eraman beharko dute muturrekoa, eta arriskugarri gerta daitezkeen zakurren artean sailkatuko dira arrazari begiratu gabe.

13. Debekaturik dago zakurren gorozkiak uztea. Arau honetan ezarritako debekua betetzeko, zakurraren jabeak gorozkiak jaso eta, behar bezala bildurik, Parkeko edukiontzietan utziko ditu, eta zikindutakoa garbitzeaz ere arduratu beharko du. Orobat, bere animaliak zaunkaka hasten badira, berehalakoan isilarazi beharko ditu.

14. Debekaturik dago animaliek erabilera publikoko ur txorrota edo iturrietatik zuzenean edatea.

15. Debekaturik dago zakurrik sartzea Natur Parkeko aparkalekuaren inguruko landetan. Debeku da, halaber, zakurra edo beste edozein animalia Parkeko eraikinetan sartzea, katea eta muturrekoa ezarriagatik ere, eta arduradunarekin badoa ere. Lorategi Historikoa, Interpretazio Zentroa eta jauregia dauden barrutian ere ezin da zakurrik sartu. Ikusmen urriko pertsonen gidazakurrak salbuetsiko dira. Gidazakurrek, ikusmen urriko pertsonei lagun egiten joaten direnean, agerian eraman beharko dute zer diren adierazteko ofizialki ezarrita dagoen seinale berezia. Ikusmen urriko pertsona bera arduratuko da animalia behar bezala porta dadin, eta berekin eramanen du gidazakurraren osasun egoera ona dela egiaztatzeko agiria.

16. Natur Parkearen barnean zaldiz ibiltzen ahal da. Zaldiak ezin dira sartu aparkalekuaren inguruetako landetan eta Lorategi Historikoa, Interpretazio Zentroa eta jauregia dauden barrutian. Parkeko Administrazioak zaldiz ibiltzeko mugak ezarri ahal izanen ditu.

17. Bizikletaz ibiltzen ahal da, horretarako seinaleak dituzten bide eta pistetan. Debekaturik dago Parkeko eraikinetan bizikletak sartzea. Lorategi Historikoa, Interpretazio Zentroa eta jauregia dauden barrutian ere ezin da bizikletarik sartu. Parkeko Administrazioak bizikletaz ibiltzeko mugak ezarri ahal izanen ditu.

18. Inguruko bizilagunei soilik utziko zaie basoko produktuak biltzen, betiere etxeko kontsumorako. Parkeko Administrazioak jarduera hori mugatzeko eskubidea izanen du. Inguruko bizilagunak ondokoak dira: Bertizaranako udalerrikoak eta kontzejuetakoak, Etxalarko udalerrikoak, Baztango udalerrikoak eta Sunbillako, Elgorriagako eta Doneztebeko udalerrietakoak.

19. Debekaturik daude banakako edo taldeko kanpaldiak, bai eta bat-bateko edo antolatutako kirol probak ere, berariaz baimentzen ez badira.

20. Argazkigintza, zinema eta bideo jarduera profesionaletarako baimena eman ahal izanen da, aurretik eskatuta, ez badiete trabarik egiten kontserbazio helburuei.

21. Irakaskuntza, zientzia edo ikerkuntza jardueretarako baimena eman ahal izanen da, betiere kontserbazio helburuei trabarik egiten ez badiete, eta eskaera aurkeztu ondoren.

22. Bainatzea debekaturik dago Natur Parkeko erreka guztietan.

23. Ibilgailuak Natur Parkeko sarreran dagoen aparkalekuan utzi behar dira, eta bertan ezarritako seinale horizontal eta bertikalak errespetatu behar dira. Zortzigarren arauan salbuetsitako ibilgailuak honako arau honetan ere salbuetsita daude.

24. Parkeko Administrazioak araudi hau betearazteko, segurtasuna zaintzeko edo Natur Parkea kudeatzeko jartzen dituen seinaleak errespetatu behar dira, bai seinale iraunkorrak eta bai behin-behinekoak ere.

25. Natur Parkeko landan, ez da pasatu behar 27 zenbakiko monumentu natural deklaratutako zedroaren inguruan dagoen hesia.

26. Lorategi Historikoan debekaturik dago bideetatik kanpo ibiltzea.

27. Parkea ahalik ongien mantentzeko, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak eta Parkeko Administrazioak bisitarien sarrera aldi baterako mugatzeko eskubidea izanen dute. Bestalde, haiek ez dute erantzukizunik izanen Bertizko Jaurerriko Natur Parkean bisitariek izan ditzaketen kalte edo galerengatik.

ERABILERA MISTOKO EREMURAKO ARAUAK

Erabilera mistoko eremuan, arau orokorrez gain, honako hauek bete behar dira:

28. Baserrietako biztanleek nekazaritza eta abeltzaintzako jarduerak egin ditzakete, inguruko ekosistemen egonkortasunarekin bateragarriak badira. Abeltzaintzako jardueretan, abereak erabilera mistoko eremuaren barnean atxiki beharko dituzte, hortik ateratzeko berariazko baimena ematen ez bazaie, kontserbazio arrazoiengatik.

IGAROTZEKO EREMURAKO ARAUAK

Igarotzeko eremuan, arau orokorrez gain, honako hauek bete behar dira:

29. Arau orokorren 8. puntuan salbuetsi diren ibilgailu motordunak eremu honetako pista edo bideetatik ibiliko dira. Ibilgailu horiek ez dute eremu honetatik kanpo zirkulatuko, bidezko arrazoiren bat ez badago: segurtasuna, kontserbazioa, kudeaketa, salbamendua, ezinbestekoak, edo aurretik baimendutako jarduerak.

30. Eremu honetako bideak zaindu eta hobetzeko lanetan errespetatu egin behar dira kontserbaziorako kudeaketa-irizpideak, gorago ezarritakoak.

INTERES EKOLOGIKOKO EREMURAKO ARAUAK

Interes ekologikoko eremuan, arau orokorrez gain, honako hauek bete behar dira:

31. Eremu honetako aberastasun edafiko, geomorfologiko eta hidrologikoa ez da hondatu behar lurraren higadura edo kutsadura eragiten duten ekintzekin edo uraren zirkulazio erregimena eta osaera zuzenean nahiz zeharka aldarazten dituztenekin.

32. Eremu honetako ekosistemaren baten edo horren osagairen baten egitura eta eginkizun orekatua lehengoratu, zaindu edo mantendu beharra dagoenean, organo kudeatzaileak proposatu ahal izanen du baimena eman dadila lur mugimenduak egiteko, azaleko uren erregimena aldatzen duten jarduerak egiteko edo populazioetan esku hartzeko, oreka naturala berrezarri eta kontserbazio helburuak betetze aldera.

9.-KONTSERBAZIORAKO JARDUKETA PLANA

Gako elementu bakoitzerako ezarritako neurriak beteko dira. Hona hemen neurri horiek, lan programetan banaturik:

1. programa.-Kudeaketarako ezagutza zientifikoak hobetzea.

1.1.1. neurria: egur hilaren bolumena kalkulatzeko lehenbiziko diagnostikoa egitea, eskura dauden landa-datuak erabiliz, eta erreferentzia geografikoak dituzten laukietan egur hilaren laginak biltzeko protokoloa ezartzea. Lagin bilketak 10 urtean behin eginen dira, III. EKPZren indarraldiko lehen urtetik hasita.

1.5.1. neurria: erreketako ugaztun autoktonoen (bisoia, Pirinioetako ur-satorra, igaraba etab.) eta aloktonoen (koipua eta arratoi musketaduna) erregistro irekia edukitzea eta azken bi espezie horiek faunari eta florari egiten dieten kaltea ebaluatzea.

1.5.2. neurria: Bertizko Jaurerria koipuaren laginketa sarean sartzea, Nafarroan koipuaren jarraipenerako lanak egiten direnean.

1.6.1. neurria: gaztainadi zaharrak dauden aldeen kartografia egitea eskala zehatzean.

2.1.2. neurria: Bertizko Jaurerrian ungulatuen populazioen errolda egitea EKPZ honen indarraldian, eta haiek kudeatzeko gidalerroak eta proposamenak egitea.

3.1.1. neurria: Bertizko Jaurerrian bizi diren hiru landare espezie baskular babestuen populazioak mugatzea eta haien kontserbazio egoera ebaluatzea. Lehentasunez Bertizko Jaurerriaren iparraldeko sakanak arakatuko dira, haietan laginketa gutxiago egin delako, naturaltasun handia dutelako eta aurkitu diren bi populazioak hantxe daudelako.

4.1.1. neurria: Bertizko Jaurerrian bizi diren basoko ornogabe espezieen inbentarioa egitea, gutxienez ere Habitaten Zuzentarauan katalogatutako espezieena, eta haien egungo kontserbazio egoera eta kontserbazio egoera ona zehaztea. Gainera, beren ziklo biologikoaren faseetan erabiltzen dituzten habitaten ezaugarriak zehaztuko dira, espezie horien kontserbaziorako interesa duten guneak bilatuko dira eta kudeaketarako aholkuak idatziko dira.

4.2.1. neurria: antzinako eran moztutako 30 pago eta 10 haritz motzen inausketa esperimentala egitea. Jarduketa hori egiteko toki egokiena bilatuko da eta jarraipena eginen da.

5.1.1. eta 5.2.1. neurria: Bertizko Jaurerrian basoko saguzarrei buruzko azterlana egitea eta Bertiz inguruko itxitura aztertzea, saguzarrak hiltzen diren puntu "beltzik" ba ote dagoen. Azterketa horretatik ondorioak atera eta kudeaketarako gomendioak emanen dira.

6.1.1. neurria: okil gibelnabarraren, okil ertainaren eta okil beltzaren errolda egitea Planaren indarraldian, hariztian eta pagadian bizi diren populazioen kontserbazio egoera zehaztea, eta espezie horiek kudeatzeko gomendioak eta proposamenak egitea.

7.1.1. neurria: kriptogamoei buruzko azterlana egitea.

2. programa.-Floraren, faunaren eta habitaten kudeaketa.

1.2.1. neurria: Bertizko Jaurerrian bizi diren espezie exotiko eta inbaditzaileak kontrolatzeko plana egitea III. EKPZren indarraldiko lehen urtean.

1.2.2. neurria: Bertizko Jaurerrian bizi diren espezie exotiko eta inbaditzaileak kontrolatzeko plana betetzea III. EKPZren indarraldiko bigarren urtetik aurrera.

1.3.1. neurria: hamar hektarea hariztitan, bereziki Arbaztegi aldean (Bertizko Jaurerriko hegoaldean), pagoak kentzea, interes ekologiko bereziko aleak izan ezik (pago zaharrak, zuloak dituztenak etab.).

1.4.1. neurria: pagadian 8 soilgune txiki egitea. Horretarako, ahal dela, konifero aloktonoak edo pagoak moztuko dira. Soilgune handiagoak edo txikiagoak izanen dira, tokiaren arabera. Bereziki Elortzurin eta Arberan eginen dira soilguneak, Bertizko Jaurerriko hego-ekialdean. Soilgune bakoitzaren zati batean espezie sekundarioak landatuko dira, EKPZ honetan ezarritako gidalerro eta arauei jarraituz.

2.1.1. neurria: Aizkolegi inguruan dauden 20 hektareako alertze sailetan eta 4,5 hektareako pinudietan esku hartzea eta Etxalarko bidearen ondoan dauden 6 hektareako alertze sailetan ere bai, arraseko mozketak eta zuhaitzen %70 inguru kentzeko entresakak eginez.

4.2.2. neurria: zuhaitz motzak dauden aldeetan zuhaizti motzak sortzea, 30 pago eta 10 haritz gazte inausiz. Jarduketa hori egiteko tokirik egokiena bilatuko da eta jarduketaren jarraipena eginen da.

3. programa.-Erabilera eta aprobetxamenduen kudeaketa iraunkorra.

7.1.2. neurria: Bertizko Jaurerrian perretxikoak biltzeko arauak ezartzea.

Erabilera publikorako.

Erabilera Publikoaren Plana egitea, gero gauzatzeko (13.1.1. neurria). Plan horretan, hasierako egoera aztertu eta horren diagnostikoa azaldu ondoren, Parkearen erabilera publikoaren eredua proposatuko da, eta plana garatuko duten programetarako jarraibideak emanen dira.

Erabilera publikoaren eredua orientaziorako erreferentzia izanen da, aldaketen aurrean iraunkorra, eta proposamenek epe luzerako indarra izanen dute.

Erabilera Publikoaren Plana garatuko duten programetan jarduketak proposatuko dira, erabilera publikoaren kudeaketaren arlo zehatzean, eredua garatuko da eta haren betearazpen eta funtzionamendurako baldintza zehatzak ezarriko dira.

Erabilera publikorako programa hauek garatuko dira gutxienez:

-Harrera eta informazio programa.-Ingurumen hezkuntzako eta ondarea interpretatzeko programa.

-Prestakuntza programa.

-Segurtasun programa.

-Erabilera publikoaren kudeaketarako ikerketa programa.-Ingurumen praktika onen programa.

-Kudeatu eta zuzentzeko programa.

-Programa ekonomikoa.

-Jarraipen eta ebaluazio programa.

Natur gune babestuen arloko "Q" kalitate ziurtagiriari eustea (13.2.1. eta 13.2.2. neurriak).

Lorategi Historiko Artistikoa kudeatzeko plana egitea, gutxienez ere egungo egoeraren azterketa, helburuak eta egin beharreko jarduketen planifikazioa bilduko dituena (13.3.1. neurria).

Lorategi Historiko Artistikoa mantentzeko urteroko lanak egitea (13.3.2. neurria).

Nafarroako Gobernuak monumentu natural deklaratu dituen Parkeko zuhaitzen egoera ona bermatzeko behar diren lanak egitea, eta naturgunera datozen bisitariei zuhaitz horiek erakustea (13.3.3. neurria).

Ikerketarako

Ikerketa lerroak:

Alderdi ekologikoak, sozialak, ekonomikoak eta kulturalak kontuan harturik, honakoak izanen dira lehentasunezko ikerketa lerroak Parkea Erabili eta Kudeatzeko Plan Zuzentzaile honen indarraldian:

-Basoen berezko dinamika baso-ekosistema hostoerorkor atlantikoetan.

-Espezie exotikoetako baso landatuen dinamika.

-Gako elementuei lotutako espezieen populazioen dinamika.

-Baso helduei lotutako landare eta animalia espezieak.

-Errekei lotutako landare eta animalia espezieak.

-Espezie exotikoak kontrolatu eta suntsitzea.

-Erabilera publikoa eta ingurumen hezkuntza.

Ikerketa proiektuak egiteko prozedura:

Ikerketa ahalik ongien antolatzeko eta jarduera hori arautzeko, bi ekimen mota bereizi behar dira: batetik kanpoko ikerketak, Natur Parketik kanpoko pertsona edo erakundeek sustatuak, eta bestetik lehentasunezko ikerketa lerroetan ageri diren barne ikerketak.

Ikerketa guztiak Parkeko Zuzendaritzak koordinatuko ditu, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko unitate eskudunekin elkarlanean.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuarekin zerikusirik ez duten erakunde publiko edo pribatuek sustaturiko ikerketa izanez gero, eskaera aurkeztuko da eta berariazko arau hauek beteko dira:

a) Behar bezala arrazoitutako aurreproiektua aurkeztuko da. Bertan ondokoak azalduko dira:

-Xedea, hurrenez hurreneko helburuak, erabili beharreko teknikak eta metodoak, eta lanerako plana (kronograma).

-Ingurunean zenbaterainoko kaltea egin litekeen, eta erabiliko diren zuzenketa neurriak.

-Finantzabidea.

-Ikerketa eginen duen lantaldeko kideak, lantaldearen arduraduna eta zentroa, eta horien esperientzia.

-Jarduerak egin eta kontrolatzeko ezartzen diren arau guztiak beteko direlako adierazpena.

b) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak baimena eman ahal izanen du ikerketa proiektua egiteko, eta hura gauzatu eta kontrolatzeko arau egokiak ezarriko ditu. Behar izanez gero, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko teknikariek lanak gainbegiratuko dituzte.

c) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak emaitza partzialen berri eskatu ahal izanen du ikerketak aurrera egin ahala. Ikerketa taldeak jard