Bertizko Jaurerriko materialik zaharrenak Paleozoikokoak dira. Zehazki, 400 milioi urte omen dituzte eta ia Natur Parke osoan ageri dira. Aldi horretako harri adierazgarrien artean, Bertizen badira: arbelak, grauwakak, eskisto hareatsuak eta hare-harriak.
Mesozoiko aldiak ere utzi zuen arrastorik Bertizen, zehazki parkearen hegoaldeko inguru txiki batean. Mesozoikoko materialak 150etik 250 milioi urtera artekoak dira. Harri sedimentarioz osaturik daude: kare-harriak, margak, buztinak eta hare-harri gorriak, hots, azken hori Baztango harri ezaguna da.
Kuaternarioko materialak duela 2 milioi urte ingurukoak dira eta Bertizen azalera gutxi batzuetan ageri dira, parkearen erdigunean eta hegoaldean barreiaturik. Bertizko Kuaternarioan ageri diren materialak beste geologia aro batzuetako harri puskak dira, mendi hegalen higakinak edo ibai-sedimentuetako harriak: legarra, harea eta limoa.