Bertizko lorategia, Zentzu ibilbidea | Bertizko lorategia, haginak. | Bertizko lorategia. Secuoya |
Bertizko lorategiak 100 urte baino gehiago ditu. Beharbada Natur Parkeko altxorrik baliotsuena da. Bide eta bidexka bihurriz osatutako sare ederra da, era askotako zuhaitz handiz, landare-hesiz, zuhaixkaz eta loregunez inguraturik; espezie autoktonoen lagin ugaria dago, bai eta landare exotiko aunitz ere. Eiteari edo arrarotasunari ikusita, nabarmentzeko modukoak dira: likidanbarrak, haginak, hibak, Louisianako nekosta, zefalotejoa, sekuoiak, zedroak, ginkoak, limoiondoak, kameliak, azaleak, hortentsiak, glizinak, banbuak...
Botanikari begira duen aberastasunaz gain, nabarmentzekoak ere badira paisaia ederrak. Gainera, urmaelek, zubi txikiek, glorietek eta edertasun handiko beste elementu batzuek -esaterako, behatokiak eta kaperak, bi-biak Art Nouveau erraten zaionaren harribitxiak- halako giro berezia duten txokoak sortu dituzte. Bere multzoan ikusita, argi dago XIX. mendetik XX.erako aldaketa hari dagokion edertasun paregabearen aurrean gaudela.