Ibaiak eta arrantza Inprimatu
Nafarroako Kantauri aldean Bidasoa da ibai nagusia. Urumea, Leitzaran eta Araxes ibaiak Nafarroan jaio, Gipuzkoa zeharkatu eta Kantaurin itsasoratzen dira. Errobi eta Urdazuri ibaiak ere Kantauriraino iristen dira Frantzian barrena. Ibai horiek guztiek erreka aunitz dituzte ezker-eskuin, eta ibai nagusien emaria handitzen dute.

Mendiak itsasoaren ondoan daude. Hori dela eta, Bidasoa arroko ibai eta errekek ibilbide laburra eta aldapatsua dute. Inguru honetan euri handia egiten du eta, ondorioz, ibaiek ur handia dakarte. Ibai-erregimen erregularra dute, ez dute ur-goraldi handiegirik, ezta agorraldi latzik ere. Kantaurin itsasoratzen den Nafarroako ibairik emaritsuena Erratzun jaio eta Baztan osoa zeharkatzen du. Ibar horretan Baztan deitzen diote, baina Oronoz-Mugairin Bidasoa izena hartzen du, Hondarribian itsasoraino iritsi arte.

Ibai horretan arrain espezie ugari bizi dira. Itsasoratzen den lekutik hurbil platuxa eta kolaka bizi dira, bai eta itsas-amuarraina eta aingira ere. Azken hori erreketaraino iristen da bere migrazioetan. Errekan gora, amuarrain ugari dago, baina zalantzarik gabe izokina da Bidasoako ikurra, jendeak gehien maite duen arraina. Izokinek 90etik 100 zentimetrora bitarte hartzen dute luzeran, eta 9tik 13 kilora bitarte pisatzen dute. Zenbaitetan, ale handi-handiak harrapatu dituzte, 120 zentimetro eta 30 kilokoak.

Parque Natural Señorío de Bertiz

Izokin-emeak ahalegin handia egiten du errekan gora joan eta arrautzak jartzeko. 10 kiloko emeak arrautza asko eraman ditzake bere baitan, esaterako, 22.000 inguru. Arrautzak jartzeko, emeak zulo bat egiten du eta, zenbaitetan, legar aunitz mugiarazten du - metro kubiko bat-. Bitartean, arra zelatan ibiliko da, leku hori harrapariengandik babesteko.

Garai batean, izokin-arrantza ekonomiako baliabide garrantzitsua izan zen Bidasoa aldeko herrietan. Izokinak itsasotik ibaian gora joaten zirenean, jendeak ale aunitz harrapatzen zituen.

Izokinak behera egin du nabarmen, hainbat arrazoi direla medio: migrazioa oztopatzen duten presak eta zentral elektrikoak, hiriguneen eta industrien isuriek sortutako kutsadura eta isileko arrantza. Nafarroako Gobernua saiatzen ari da Bidasoako izokinari indarra ematen eta hainbat neurri hartu ditu. Bestalde, urtero, izokinari buruzko foru aginduak izokina harrapatzeko denboraldia eta gutxienezko tamainak ezartzen ditu. Aginduaren arabera, kanabera erabili behar da eta ez beste lanabesik.

Parque Natural Señorío de Bertiz