Oihanak Inprimatu

Parque Natural Señorío de Bertiz

Kantauri aldeko ibarretako feudoetako oihan aunitz erabili zituzten, zura lortu, bazkalekuak sortu eta nekazaritza lurrak egiteko. Ondorioz, mosaiko erako paisaia sortu zen, hemengo paisaiak duen ezaugarria, alegia. Oihanak baliabide iturri izan dira eta dira hemengo herritarrentzat eta, era berean, aisia eta jostaleku nabaria gainerakoentzat.

Nolako altuera, halako landaredi-eraketa. Batzuk goitik behera aldatuak daude eta beste batzuk ez. Bazkalekuak oihan izandako soilguneetan eta mendi hegaletan daude, txilardi eta iralekuekin batera. Ardiak (latxa), zaldiak eta behiak bazkan dabiltza, modu estentsiboan.

Ametz arrunta mendi hegalaren erdialdean ageri da, hare-harrizko lurzoruen gainean eta eguzki aldean, lehortasun handiko bazterretan. Baldintza horietan, pagoak ez du bizitzerik, ezta haritzak ere.

Bazkalekuen azpian, denetariko lurzoru, malda eta orientazioetan, pagadia da nagusi. Zenbait tokitan eta oihana kendu duten tokian, txilardi eta iraleku ugari daude.

Hemengo haritza edo haritz kanduduna ibar hondoetan dago, bai eta mendi hegalen erdiko eta beheko aldeetan ere. Hemengo haritzaren ordez, toki frankotan haritz gorria (Ameriketakoa), gaztainondoa eta intsinis pinua jarri dituzte.

Ibar hauetako ibaiertzak sakon aldatu dira. Ondorioz, nabarmen murriztu dira haltzadiak eta ibaiertzeko basoak. Gaur egun, haltza multzo txikiak edo lerro bakanak besterik ez dira gelditzen ibai bazterretan. Ibarrak zabalago egiten diren tokietan, eta ibaiertzeko basoaren ordez, herriak ageri dira. Herrien inguruan, alorrak eta belar-soroak daude, landare-hesiz eta oihan txikiz bereizita, eta baserriak ere badaude.

Zizak eta onddoak Kantauri aldeko ibarretako oihan-giroari lotutako baliabideak dira. Jendeak baliabide horiek ustiatzen ditu landa eremuko ekonomiaren osagarri.Pinudietan, pagadietan eta hariztietan ziza eta onddo aunitz hazten dira. Gaur egun, udal ordenantzek, Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeko 13/90 Foru Legeak eta bere erregelamenduak arautzen dute ziza eta onddo bilketa.

Nafarroan ba omen dira 3.000 ziza eta onddo mota. Horietako aunitz jangarriak dira eta balio gastronomikoa dute hein handiagoan edo txikiagoan. Bada, asko Kantauri aldeko ibarretan ageri dira.